XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Erdi Haroan ez zen kazetaritzarentzat girorik ez modurik.

Ahotik ahora barreiatzen dira kontuak.

Gazteluetan, benta eta ostatuetan nahiko kontu uzten zuten erromesek.

Komertzianteak, istudianteak, fraileak eta gerrariak biltzen ziren lekuetan ez zen kontu faltarik.

Bi indar nagusitu ziren XII. eta XIII. mendeetan: Eliza eta Unibertsitatea.

Elizgizonak eta Unibertsitateko maixuak ziren albistearen hedatzaile.

Korreoaren edo postaren aitzindari izango zen mezularia, berri-emailea: aberatsei, jauntxoei eta agintariei gutunak eta esku-izkribuak eramaten zizkien mandataria Alemanian sortu zen.

XV. mendean sortu ziren naziotako ordezkariak.

Italiak, Alemaniak, Frantziak, Ingalaterrak eta Espainiak beren ordezkariak bazituzten.

Beste naziotan zer gertatzen zen jakin nahi zuen nazio bakoitzak.

Gutun eta esku-izkribu hauen kopiak egin ohi ziren jendartean zabaltzeko.

Ahotik ahora bakarrik ez ziren garai hartan berriak hedatzen, baita idatziz ere.

Idatzitako lehen orriak garai hartan hasi ziren zabaltzen.

Berri inprimatuaren aitzindari dira esku-izkribu hauek.

Komunikabideetan sarrerarik ez duten gertaerak eta berriak ahotik ahora eta isilkako orrien bidez zabaldu behar izaten dira gaurregun ere, behin baino gehiagotan.

Dena den jakin-min, berriak jakiteko gogoa gehitzen eta indartzen ari zen garai hartan.

Kazetaren eta egunkarien irakurleak eta erosleak prestatzen ari ziren.

Egunkari inprimatuaren gosea gero eta nabarmenagoa zen.

Eta hona egunkaria inprimatzeko bidea egin zuen gizona: GUTENBERG.

Rin hibaiondoan ari zen lanean moldezko letrak asmatu zituen gizona.

Liburuak inprimatzeko bidea asmatu zuen.

Berri interesgarririk edo gertaera nabarmenik baldin bazen, gazeta izeneko orrietan inprimatzen eta saltzen zituzten.

Ez ziren egunero argitaratzen, ez zuten egun jakinik.

Nondik nora bataiatu zituzten gazetta izenez?.

Mika, italianoz, gazza da, eta gazetta mikatxoa.

Mika, gelditzen eta isiltzen ez den piztia dugu.